Bitxikeriak

Nola sortzen da ortzadarra?

Ortzadarra kausa meteorologikoek eragindako fenomeno optikoa da, banda zentrokideek osatutako arku itxura duena; zeruan oinarrizko zazpi koloreak biltzen dituen lerro zabala sortzen duela ematen du. Fenomeno horren jatorria argiaren errefrakzioa da; eguzkiaren argia uretan zehar proiektatzen da atmosferan dauden euri-tanta txikietan barna. Eguzkitik Lurrera iristen den argia zuria da, edo, egiatan, horrela ikusten dugu guk, berez, kolore multzoa delako. Argi-izpi bakoitzak angelu jakin batean kolpatzen dituenean tantak, argi zuria kolore ezberdinetan deskonposatu egiten da.

bitxi_arcoiris
separator
bitxi_pajaros

Nolatan ez dira hegaztiak kable elektrikoekin elektrokutatzen?

Hegaztiak kable elektrikoen gainean pausatu ohi dira, maiz, eta ez dira elektrokutatzen. Baina ba al dakizu zergatik? Hara, gakoa da hegaztiak kable bakarraren gainean egoten direla, eta elektrokutatzeko, ezinbestekoa dela zirkuitu osoa ukitzea; alegia, ez kable bakar bat ukitzea, bi ukitzea baizik. Hegazti batek karga positiboko kable bat eta karga negatibo edo neutroko beste bat ukituz gero, korrontea haren gorputzetik igaroko litzateke, eta elektrokutatu egingo litzateke. Hegaztiek zirkuitua osatzen ez dutenez, ordea, ez dira elektrokutatzen.

separator

Ba al zenekien Egiptoko piramideak zuriak zirela?

Giza hilerria zen, berez, eta piramide bakoitza, hilobi bat. Gaur egun ikusten diren piramideetatik barneko gunea besterik ez da gelditzen; jatorrian, kareharri leunduz estalita zeuden kanpotik, eta malda leun distiratsua zuten, horri esker. Kanpoaldeko geruza hori Kairoko beste egitura batzuk eraikitzeko erabili zuten, piramideak arpilatuta.

bitxi_piramides
separator
bitxi_tierra

Zenbat pisatzen du Lurrak?

Estimazioen arabera, 6.000.000.000.000.000.000.000.000 kg-ko pisua du Lurrak (6 x 1.024); baina galdera horrek badu trikimailu bat. Izan ere, teorian, Lurrak ez du pisurik, gorputzek grabitate indarraren araberako pisua baitute, Lurrak berak gorputz bakoitzari eragiten dion grabitazio eremuaren intentsitatearen araberakoa: hortaz, Lurrak berak ez luke pisurik. Hala ere, Lurrak hurbileko objektuengan eragiten duen grabitate erakarpen indarra finkatuta, gure planetan pisua horixe litzatekeela kalkulatu da, estimazioz, formula matematiko konplexuak erabiliz.

separator

Tximista fosilduak

Tximista bat hondarretan jausten denean, zenbait metro sar daiteke harean barrenera, sakonera. Haren beroak (~4.000 °C) hondar aleak urtzen ditu, eta tximistaren formako kristalezko hodi solido bat sortzen du. “Fulgurita” deritzo hodi horri. Harri bihurtutako elektrizitateak askotariko koloreak har ditzake, harea osatzen duen materialaren arabera: beltzetik zuri zeharrargirainoko kolore guztiak. Orain dela 250 milioi urte inguru jausitako tximisten fosilak aurkitu dira.

bitxi_rayo
separator
bitxi_platano

Banana erradioaktiboak

Fruitu asko daude berez erradioaktiboak direnak, Potasio-40 (40K) elementua dutelako, potasioaren erradiosotopo bat. Baina banana da fruitu guztietan erradioaktiboena; hainbeste, non arma nuklearrei antzemateko erabiltzen diren erradiazio sentsoreetan gezurrezko alarma sortu izan baitute behin baino gehiagotan. Hain zuzen ere, neurri nuklearraren unitate bat dago, Dosis izenekoa, bananaren baliokidea, eta unitate horren bidez neurtzen dira planta nuklearretako ihesak. Edonola ere, ez da oso fruitu arriskutsua: 60 mila koatrilioi kilo banana beharko lirateke Hiroshimako bonbaren erradiazioa berdintzeko.

separator

Barraskilo batek 25.000 hortz izan ditzake

Barraskiloek ehunka edo milaka hortz izan ditzakete. Jakina, gure hortzez oso bestelakoak dira –bestela, ez zitzaizkien ahoan sartuko–, baina gureen funtzio bera dute, funtsean.

Barraskilo batzuek ehunka hortz ilara izaten dituzte, hurrenez hurren, askotariko erabileretarako. Hortz batzuk elikagaiak mastekatzeko dira, noski; baina badira beste batzuk harrapakinei pozoia sartzeko baliatzen dituztenak (itsas barraskilo batzuk, adibidez, haragijaleak dira, eta era horretako hortzak dituzte).

bitxi_caracol
separator
bitxi_sueño

Ezagutzen dugun horrekin besterik ezin dugu amets egin

Gure ametsak sinboloak dira, eta, sinboloak izanik, zera konkretu bati erreferentzia egiten diote, ezinbestean. Baliteke jende arrotzarekin eta egoera ezinezkoekin amets egitea, baina ametsak beti dira gure memoriako eszenen eta pertsonen collage bat. Are gehiago; ametsetako aurpegiak eta tokiak esnaldian zehar –oro har, aurreko egunean– ikusitako aurpegien eta tokien zati oso leialak dira, gogoratzen ez baditugu ere.

Horrek gauza interesgarriak iradokitzen ditu amets “profetikoei” buruz. Orobat azaltzen du hiltzen ari garela amets eginez gero zergatik esnatzen garen, berehala: ez dakigulako zer dagoen ondoren.

separator

Marmokek ez dute garunik, baina 24 begi dauzkate

Marmokek ez dute, oro har, ez garunik, ezta gainerako animalienen antzeko nerbio sistemarik ere. Cubozoa edo itsas liztor deritzon marmokak 24 begi garatu zituen gorputzaren inguruan; horietako bi, giza begiak bezain aurreratuak ia …

Guk askotariko erabileretarako begi pare bat dugu, eta horien bidez antzematen diegu koloreari, formari, neurriari eta argi intentsitateari; eta cubomarmokek, aldiz, lau begi mota dituzte, xedearen arabera bereiziak. Begi primitiboenek argitasunari/iluntasunari antzemateko baliatzen dituzte, funtsean, beren bidea gidatzeko, gainerako marmokek bezalaxe. Bi aurreratuenek, berriz, forma hautematen dute, eta itsaspeko landarediak eskaintzen dien babespeko eremuan irauteko balio diete.

Burua litzatekeenaren muturrean daukate begi horietako bat, eta behealdean, bestea, halako eran non ia osorik ikus baitezakete itsaspeko mundua. Gainerako begi primitiboak gorputz inguruan dituzte, gerriko moduko bat eratuz antolaturik.

Begien bidez lortutako informazioa garunik gabe nola baliatzen duten misterioa da, oraindik, baina marmoka horiei esker, gauza jakina da garuna izatea ez dela portaera konplexua izateko ezinbesteko baldintza.

bitxi_medusa
to top button

COOKIE-EN ERABILERA

Esperimentuak.eus-en geure eta beste batzuen cookieak erabiltzen ditugu nabigatzeko esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika. onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago: Cookien politika

ACEPTAR
Aviso de cookies