Denak
ERAIKI ZEURE TELEFONOA

Nork ez du egin noizbait telefono bat, poto edo latekin?
NOLA EGITEN DA?
Hain da erraza, ez baitu azalpenik ere behar, ezta? Esperimentu honetan, plastikozko bi ontziri zuloa egin behar zaie oinarrian, eta nylonezko hari bat (arrantzarako erabiltzen denetakoa) jarri behar da mutur bat ontzi baten oinarritik sartu eta ihes egin ez dezan korapilo bat eginda eta beste muturra beste ontzian jarrita, modu berean.
Ahoa ontziaren aurre-aurrean jarrita hitz egiten badugu, soinu uhinek dardarazi egiten dute ontziaren hondoa, eta dardara hori nylonezko harira transmitituko da. Haria tenkatuta ez badago, dardara oso txikia izango da, berehala lausotuko da eta ez da ezer iritsiko beste ontzira. Aldiz, haria tenkatuta badago, beste ontziraino transmitituko da dardara (soinua), eta han erreproduzituko da hasierako soinua.

NOLA LITEKE?
Soinua uhin bat da, eta, uhin hori transmititzean, dardarazi egiten du euskarri material elastiko bat, airea, oro har, soinua hedatzen den norabide berean. Soinuaren abiadura material motaren araberakoa izango da. Solidoetan barrena bizkorrago transmititzen da likidoetan baino; eta likidoetan bizkorrago gasetan baino. Horren azalpena da materia osatzen duten partikulak elkarrengandik hurbilago daudela solidoetan, likido eta gasetan baino.
